XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hau bukatu ondoren, berriz ere fandangoa entzuten da, baina goizeko lehen orduan baino biziago eta airosoago, orain herriko txistulariak jotzen bait du, halako batean alperkeriak alde batera utzita, ohe zurutik jaiki ondoren erromeriara etorri denak.

Haren txistu hotsa! Zein egoki jotzen duen! Erromeria zaleen artean ez da batere izango hura laudatuko ez duenik.

Praiskuk, umore ederreko agureak, pipa hortzean duela, Kontxesi erroskilera atera du dantzara eta ikusgarria da hirurogei urtetik gorako haien poza, gaztaroko kontuak eta, agian, amorioak gogoratzean, hankak soseguz dantzatzen dituzten bitartean.

Ikusleak farreari eutsi ezinik, hura bai ikuskizuna! Bikote panpox haren garaikideren batek edo bestek, begiak samurtuta, ondokoei esaten die Kontxesik gaztetan erregina zirudiela, halakoxea izan eta haren edertasuna.

Eta Praiskuk ere, hain gizon martzal izanik berari begiratzen zioten neskatxa guztiak zoratzen eta maitemintzen zituela.

Eguerdia aurrera doa eta han bazkaltzea beste konturik ez da.

Aurrez ipinitako mahai batzuk daude, ez dira oso erosoak baina hor eseriko dira egun osoa han emango dutenak.

Nola edo hala egindako jarlekuen gainean ekingo diote lan gustogarri horri.

Beste batzuk, ostera, hain basozaleak ez izan eta, etxera bueltatzen dira bazkalordurako berriro arratsaldean itzultzeko.

Auzoko baserrietara ere gonbidatuak ailegatzen ari dira; alkandora zuriz jantzita gizonak, garbi eta dotore, berriz, emakumeak.

Arkupeko atarian jarritako mahaian esertzen dira edo bestela, etxeaurreko intzaurrondoaren kerizpetan eta bazkaria aurrera joan ahala, mahairatutako janariak gogo onenez daztatzen diren neurrian, aurpegiko koloreok ere areagotu egiten dira, halakoetan izaten den poztasunaren seinale.

Elkarrizketak gero eta biziagoak berehala hasten dira kontuak, bertsolariren bat ere hor ari da bere etorria neurtu nahian.

Gero, amaitu eta mantelak jaso ostean, gorputzak hala ezkatuz gero, kerizpetan lokuluxka ederra egingo da.

Eta guzti hau auzoan gertatzen den bitartean, kalean dabilen joan-etorria, hango ibili beharra!.

Jendea ohi baino azkarrago dabil, batak besteari noiz igoko duten galdetzen dio, neska-mutil gazteak elkarrekin igotzekotan geratzen dira, janariz betetako saski galantak hartuta dabiltza dendaz denda neskatxa garbi eta lirainak.

Denak kontentu, orduak aurrera joan ahala gero eta egonezin handiagoa, halako sukar bereziren batek hartuta bezala; zahar eta gazteak elkarrekin, ugazaba eta langilea, herriko neskato pertxenta eta andre seinora agurgarria bat eginda, denak dira anai.

Arratsaldeko hiruretan denak behetik gora, urrun samar dagoen ermita aldera.

Kalea hustuz doa eta ixiltzen, ez da zakurren zaunka edo txorien kanta baino entzuten, leihoetako txirtxilen soinua tartekatuaz.

Basoko bide-txidorrak jendez beteta, baserriak ere hutsik daude; artasailen ertzetatik, garitza horailen ondotik salto eta brinko doaz mutilak; jolasean, ostera, neskak, kopeta ederrak askatuta dituztela.

Ikusgarria da nola edozein aldetatik erromes guztiek, San Martzial inguratuz eta nolabait babestuz dagoen gaztainadira jotzen duten, ez da gutxiagorako nola elkartzen diren gizonak, emakumeak eta umeak familiaka edo lagunarteka belar berdearen gainean korroan eserita, gero etxekoandreek kontu osoz prestatu eta saskietan sartu dituzten janari gozoak jateko.

Ardoa ere plazaratu da, gizonaren gorputza hainbesteko tamainan alaitu eta pizten duen Nafarroako zera gozo eta guztiz bikain hori, ez dago maitasun betez musu emango ez dionik, umorea gero eta gorago; dena da kantua, dena olgeta.

Baserritarrek ere merienda pasada egiten dute, kaletarrengandik pixka bat aparte.

Baserritarren talde honetakoak bista erakartzen duten horietakoak dira, batzuk txapel gorriz jantzita, beste zenbaitek zuria darama.

Zaharrenek, ostera, beren buru soildua tximista kontrako beltz itzaltsuekin estaltzen dute.

Haien artean, baita ere, aurpegi beltzaran eta xaloko mutikoak, gerrontze gorriz eta harizko fraka zuriak jantzita, oinetan abarkak daramatzatela.

Merienda ordua iragan da, ez da zamaurik ageri belar gainean, dantza hasi da ostera.

Espainiako antzinako erara jantzita dauden aguazilak; idunekoa, fraka motzak eta gainjantzia, eskuetan makila sendoak hartuta lan gehiegi barik uxatzen dute jendetza eta dantzarako zelaia libre geratzen da.

Jendea apartatuaz batera danbolin erredoble luze bat entzuten da, tarrapatata ikaragarrian, entzuleengan zirrara bizia sortzen duena.

Eta ikusminez txaloka hasten den jendearen artetik, Bergarako familia handikietako gazte ilara bat; probintziako beste herrietatik erromeria ikustera etorritako lagunak ere tartean dituztela plazaratu egiten da.

Guztien aurrean doana, eta gero, beraz, aurreskua dantzatuko duena, jaun agurgarri bat da baina umore onekoa eta lagunkoia, inguruko guztiek maitekiro agurtzen dute, diosala eginez.

Hirurogei urtetik gorakoa izanagatik ez da geldirik egotekoa, oraindik hankak arin ditu, dantzako pikoak egitean ondo asko erakusten duenez.

Papilote zuridun zaldun haren itxura eta ibilera guztiz gorena da.

Agertaldia, danbolinjoleak airea aldatu du eta kontrapas hunkigarri hori entzuten da, Mozart handiak berak ez zukeen hobeto egingo.

Ilarako bi gazte aurreratzen dira eta gizalege osoz jende dotore talde batengana urreratzen dira eta haietako dama gazte bat ateratzen saiatuko dira.

Azkenean aingeruak bezain zuri eta ilehori den gazte xarmant bat, lotsa aurpegitik ezin kendu duela, plazara irten da eta bi laguntzaileak albo banatan dituela dantzarien aurrean jarriko da.

Orduan, jaun maitagarri haren hankak bizkortu egiten dira, bere hogei urtetan ez zuen hobeto dantzatuko, halakoxea zen haren emana.